martes, 6 de marzo de 2012

Gabriella Infinita



Jaime Alejandro Rodriguez
Gabriella Infinita Jaime Alejandro Rodriguezek (testua eta zuzendaritza lana) Carlos Roberto Torresekin (diseinu bisuala eta interaktibitatea) batera sortutako obra bat da.
Argumentua: Federiko eta Gabriella, 70eko hamarkadako bogotar gazteak dira. Egoera ezberdinengatik bananduta daude. Gabriella 22 urte ditu eta logela batean aurkitzen da. Bertara heldu da maitaleak utzi dituen gauzak biltzeko. Oso zurtuta sentitzen da, alde batetik gerra garaian daudelako eta bestetik, haurdun dagoelako. 

Obra hau bi motatako formatutan antolatuta dago: batetik, liburu formatuan eta bestetik, zibernarratiba formatuan. 

Liburu formatua modu honetan antolatzen da: istorioa Gabriellarekin hasten da. Bonbardaketa jasotzen ari den hiri batetik, Federikoren apartamentura heltzen den arte. Liburuan bi testu agertzen dira; batetik, “hondamendi, 1” eta bestetik, “harrapatuak, bat”. Bi testu hauek Gabriellak Federikoren logelan egingo dituen aurkikuntzen isla izango dira, beti ere narrazio nagusiarekin txandakatuz: etxe-aldaketa, oroitzapenak eta Gabriellaren errebelazioak.
Zibernarratiba edo narratiba digitala formatuaren adibidea da honako obra hau. Nahiz eta narrazio tradizionaletik gertu egon, irakurketa bideratzeko tresnak erabiltzen ditu, hala nola, interaktibitatea, dinamismoa, elementu bisualak… Elementu horiek guztiek irakurketa lineal bat ez garela jarraitzen ari erakusten dute. 


Izan ere, istorioaren nondik norakoak zuk erabakitzen dituzu une oro, hau da, webgunean agertzen den ate bat edo bestea irekitzearen arabera (hondamendiak, etxe-aldaketa eta errebelazioak), norabide bat edo bestea hartuko du istorioak. Berdin dio zein ate irekitzen duzun lehenengo, hau da, berdin dio istorioaren zein atal irakurtzen duzun lehendabizi, azkenean istorioak komunztadura izango du. 

Bestalde, aipatu beharra dago istorio honek nolabaiteko ezinegona sortzen duela. Ez bakarrik irakurketa nola antolatuta dagoen eragatik, baizik eta hiru atalei jarri dieten musikagatik ere.
 
Musikak istorioan murgiltzeko gogoak eragiten dio irakurleari eta hainbat galdera planteatzera bideratzen du: zer gertatuko da orain? etxe-aldaketaren gelara sartzen banaiz zer aurkituko dut bertan? Izan ere, zuk erabaki duzun irakurketaren antolamenduagatik flash back-ak ere egingo dituzu eta baliteke galdera horiek gogoan edukitzea. Argi dago musika eta testua elkarren osagarri direla. Hasi zaitezke nahi duzunean eta uzteko nahi duzunean. Hasieran ezinegona sortzen du. Hondakinetatik argira doan giroa.

Irakurketa mota hau probatzera gonbidatzen zaituztet, sar zaitezte Gabriella Infinitaren webgunera eta bizi ezazue ezinegonaren esperientzia!


 

domingo, 5 de febrero de 2012

Transmedia produktu baten programazioa: ATLAS BIDAIAK

Gaur egun, merkatuan dauden eskaintza eta hutsuneak kontuan izanik, transmedia kontzeptua garatuko lukeen produktu bat martxan jartzeko erronka hartu dugu. Gure helburua, jendearen beharrak eta nahiak asetzeko gaitasuna duen eduki bat sortzea da. Eta, buruari buelta asko eman ondoren, bidaia “munduan” dagoen eskaintza eskasaz ohartu gara. Beraz, urritasun horri aurre egiteko eta jendearentzat aberasgarriak izan daitezken zenbait produktu asmatu ditugu. 

 ATLAS telebistarako bidaia- programa

Bidaiak oinarri dituen telebista programa bat eskainiko genuke; ETB2 katean, ostegunetan eta prime time ordutegian. Astero bi kapitulu emitituko lirateke, bakoitza 45 minutukoa bakoitza; bat nazioartekoa, eta bestea Espainiako probintzia baten inguruko erreportajea. 

Telebistan, gure programaren antzeko formatua eta edukia duten beste saio batzuk ikusgai daude. Hauek lirateke, beraz, gure programaren konpetentzia: Callejeros viajeros, Españoles en el mundo eta “Destino España.





   ATLAS aldizkaria
 
Hilero argitaratuko da eta bertan hilabete bakoitzean zehar telebistan emititu ditugun erreportajeen bertsio idatziak eskainiko dira. Baina e
rreportajeez gain beste osagarri batzuk ere bilduko ditu aldizkariak: hotel eta jatetxeen proposamenak, mapak, gidak, nola bidaiatu (hegazkinez, kotxez, trenez …), bidaiatzeko bide erosoenak, bisita-proposamenak eta abar.


Aldizkariak gainera, irakurleen parte hartzea sustatzeko osagarriak eskaintzen ditu: 

  • Irakurleen eskutitzak: Irakurleek bidalitako eskutitzen bidez, euren bidaia esperientziak partekatu, aholkuak eman eta abar. 
  • Lehiaketak: Eskutitz interesgarri, polita edota erabilgarriena saritu dugu, asteburuko bidaitxo batekin. 
  • Zozketak: Telefono deia edo sms bat bidaliz, parte hartzaileek zozketa batean sartuko dira. 
  • Elkarrizketak: Bidaia agentzietako langileei, museo edo jatetxeen jabeei, gida turstikoen idazleei ... egindako elkarrizketen argitalpena.


ATLAS webgunea

Gaur egun, kontsumo ohiturak aldatuz doaz eta webguneek duten arrakasta gero eta nabariagoa da. Horregatik, Atlasek webgune bat edukitzea, ezinbestekoa ikusi dugu. Guk sorturiko webgunearen jomuga nagusiak; informazioa eta interaktibitatea eskaintzea dira. Baina, zer bide erabiliko ditugu helburu horiek lortzeko? 
  • Telebista a la carta”: Telebistan emititutako saio osoak interneten, zuk nahi duzun momentuan eta iragarkirik gabe. 
  • Argazkien txokoa: Erabiltzaileek euren paisaien argazkiak webgunera bidali eta guk horiek zintzilikatuko ditugu. 
  • Bloga: Erreportariek bidaietan zehar jasotako bizipenak eta bitxikeriak blog batean islatzen dituzte, beti ere, emititutako erreportajeetan ikusi ez diren argazki eta bideoekin. 
  • Foroak: Gai bati buruzko eztabaidagunea izango da. Erabiltzaileek izena eman eta eztabaidetan parte hartu ahal izango dute. Helburua, parte hartzaileek euren iritziak plazaratzea izango da. 
  • Inkestak: Aste horretako programari buruzko galderak planteatu.
    Adibidez: zer gustatuko litzaizuke bisitatzea hurrengo saioan?
    a) Rio de Janeiro
    b) Bartzelona
    c) Bruselas
    d) Jordania
  • Lehiaketak eta zozketak:
    Adibidez: "Erreportaje lehiaketa: zure bideoa bidali eta aste bateko bidaia irabazi dezakezu, guztiz dohakoa!". 
  • Programaren produktuak erosteko aukera:
    Adibidez: Errioxari eta bertako ardoei buruzko erreportajea emititu badugu, aste osoan zehar Errioxako ardo lote bat jarriko dugu salgai gure webgunean". 
   
   Telefono mugikorrentzat sortutako bidaia aplikazioak: 
Bi motatako aplikazioak Smartphone, Iphone eta Android sistema duten telefonoek erabili ahal izateko: 

Aplikazio kulturala: Erabiltzaileak herri edo toki bateko gune kultural edo eraikin garrantzitsu bati buruzko informazioa eskura dezake. Horretarako, aplikazioa ireki, eraikinari argazki bat atera eta automatikoki pantailan deskargatutako zaio eraikinari buruzko ezaugarri, historia eta informazio esanguratsuena. Informazio hori bi modutan eskuratzen da: testu idatzian eta audioren bidez.

Aplikazio erabilgarria: Gune publikoen (jatetxe, museo, eta abarren) eskuragarritasunaren inguruko informazioa eskura dezake erabiltzaileak. Horretarako, aplikazioa ireki eta bisitatu nahi duen museoa edo jatetxearen izena idatzi beharko du. Automatikoki eta segundo batzuen buruan, horiei buruzko informazioa (jateko mahairik libre dagoen, museoko sarrerak zenbat balio duen … , adibidez) jasoko du telefonoaren pantailan. 

   Sare sozialak
Atlasek twitter eta facebook sare sozialetan profilak izango ditu. Horiei esker, erabiltzaileek programari buruzko azken berriak ezagutu ahal izango dituzte une oro. Gainera, facebook-ek saio edo bideo zatiak ikusi eta erabiltzaileek sarean horiek komentatzeko aukera ere emango luke.  

   Atlas mahai- jokoa

Gure transmedia produktua hedatzeko asmoz, familia osoak jolastu eta ikasi ahal izateko mahai joko bat sortuko genuke eta bidaia- trivial baten izaera edukiko luke. 

Jokoaren elementu nagusiak: jolasteko taula, piezak eta galdera- txartelak izango dira. Baina zein da jokoaren helburua? Bidaiatzeko beharrezkoak diren bost elementuak lortzea; alegia, maleta, mapa, hegazkinerako bidaia txartela, dirua eta pasaportea. Bost elementu hauek lortzeko, beharrezkoa izango da laukitxo espezifikoetan planteatzen diren galderak asmatzea.

Galderak bost gaien ingurukoak izango dira: kultura, ohiturak, hizkuntzak, historia eta geografiari buruzkoak. Beraz, bidaiatzeko beharrezkoak diren bost elementuak lehenengo lortzen dituenak irabaziko luke jokoa. 

viernes, 3 de febrero de 2012

Xabi Payaren ariketa: ahozkotasuna eta multimedia diskurtsoa

1) Demagun hiru pasarte hauek itzuli dituzula euskarara. Justifikatu zein ahozkotasun eredutara itzuli dituzun.

 Torrente, el brazo tonto de la ley
 Pasarte honetan eredu normalizatzailea erabiltzen da. Protagonistek ez dute euskara batuaren eredu estandarra erabiltzen, baizik eta kaleko jerga. Beraz, elkarrizketa honen formaltasun maila argota dela esango genuke. Nabarmentzekoa da ere, argotaren zailtasun maila teknikoa dela. Alegia, atzerritar batek elkarrizke hau entzungo balu, segur asko ez lukeela ondo ulertuko, izan ere, kaleko hizkera darabilte pasarte osoan zehar.

Irailak 11, albistegia
Albistegi hau eredu normatibizatzailean sortua dago. Albistegi batean ahalik eta formaltasun maila handiena erabili behar dute kazetariek, kontuan hartuta mezua ahalik eta hartzaile gehienengana heldu behar dela. Izan ere, hartzaile kopurua oso handia da eta beraien arteko ezaugarriak ere. Hizlariak erabilitako emozionalitate gradua epela da, hau da, ez da ezta oso gertuko izan behar ezta oso hotza eta distantea ere ez, neutraltasun maila bat mantendu behar du.

Fuga de cerebros

Aurreko adibidean bezala, film honek eredu normatibizatzailea darabil. Alegia, kaleko hizkera darabil. Formaltasun mailari dagokionez, tabua dela esango genuke, izan ere hitz gordinak maiz erabiltzen baitituztelako (idiota, cabrón, imbécil...). Horrek pertsonaien arteko konfiantza dagoela erakusten du eta era berean, kaleko hizkera darabiltela azpimarratzen dute.

2) Itzuli Torrente, el brazo tonto de la ley filmaren pasartea.


Torrente: -Polizia izatearen alde txarra da hau. Zerbait gertatu ezean, jasangaitza da! Joko al dugu kanpaia?
Laguntzailea: -Barkatu?
T: -Ba... hori, kanpaia jo!
L: -Elkarrekin?
T: -Noski mutil!
L: -Baina...orain?
T: -Bai! Plazar pixka bat emateko baino besterik ez da! Zuk niri astindu, gero nik zuri... Tentsioak arintzeko ezer hoberik ez dago! Baina, marikoikeriarik gabe, eh!
L: -Ez dakit nik horretarako momentu aproposa den...
T: -Animo mutil! Ez dezagun denbora alferrik galdu! Atera txistua eta ekarri hona!




 

sábado, 14 de enero de 2012

Zibertestu baten planifikazioan hartu beharreko erabakiak

Zibertestu bat egiterako orduan, zenbait irizpide eta erabaki eduki behar ditugu kontuan. Hasteko, gaia zein izango den pentsatu eta zehaztu beharko dugu, hori baita lehenengo abiapuntua lan on bat egiten hasteko. Horrekin lotuta, zer komunikatu, nola eta nori komunikatu nahi diogun erabaki behar dugu, ez da gauza bera produktu bat mundu osoan zehar zabaldu nahi izatea edota produktu bera tokian tokikoa izateko helburua izatea. Lehendabizikoa segur asko ingelesez egingo dugu eta lokala aldiz, euskaraz. 

Hurrengo erabakia gure proiektua nondik egituratu nahi dugun jakiteko generoa zehaztea izango da, helburuarekin oso lotuta joango dena. Zer lortu nahi dut sortzen ari dudanarekin, informatzea, egoera bat salatzea, ikus-entzulea entretenitzea? Helburua argi eduki eta gero produktua alde batetik edo bestetik bideratuko dugu.

Ondoren, osagaien zirriborratzea egitea gomendagarria izango litzateke, gure erreportajeak elkarrizketa bat izango duen edo ez, zeintzuk irudi jarriko ditugun… nolabaiteko storyboard bat egitea da atal honen helburua. Horretarako ere dokumentazio lan bat egin behar dugu, alegia, baliagarria izango zaigun informazioa bildu behar dugu, ondoren uztartze lan bat egin behar baitugu: dokumentuak, testua eta irudien arteko lotura nolako izango den; hutsuneak, isiluneak… jarriko ditugun e.a.

Aurreko pausuak borobilduta eduki ondoren, produkzioari eman behar diogu paso. Beharrezkoak ditugun elkarrizketak, aipuak, irudiak edota bideoak gure proiektuan integratu behar ditugu. Gero, produktua nola diseinatuko dugun erabaki behar dugu, hasieran indar gehiegi jartzen badiogu, baliteke azkenean pobre geratzea, horregatik gure erreportajeak edukiko duen erritmoa in crescendo joatea gomendagarria izango litzateke, izan ere, hartzailea adi eduki behar dugu denbora osoan.

Azkeneko pausua edizio lana burutzea izango litzateke. Non egingo ditugun mozketak, zer bideo aukeratu eta zein ez eta horien iraupena argi eduki behar dugu. Izan ere, produktu egoki bat lortzeko ezaugarri hauek kontuan eduki behar ditugu eta dagokion moldean ondo finkatuta edukitzea ezinbestekoa izango da.


viernes, 13 de enero de 2012

Euskararen komunitate birtualak


Azken urteotan, Internet izan da gehien hazi eta garatu den hedabidea gainontzekoekin konparatuz. Euskara ere horretan murgildu egin da eta bere lekua egin du sareko teknologia berrietan. Internet harreman pertsonala, komunitate interesak… pizteko erreminta ona da eta euskaraz komunikatzeko ere oso ona da. Hala ere, aipatu behar da itsaso handia den sareak arrisku handia daukala. Euskaraz komunikatzeko eta aritzeko aukera ematen digu, baina euskarak jarraitzen du tanta bat izaten.

Gauza asko eraman dira aurrera eta hori teknologia berriei esker izan da. Leiho bat zabaldu zaigu, eta momentu aproposa da erronka horri aurre egiteko. Euskara dakigunok eta erabiltzen dugunok esfortzu handia ez badugu egiten, zaila izango da euskarak sareetan duen presentzia indartzea eta areagotzea. 

Kontua da euskaldun guztiok komunitate bat osatzen dugula, “piña” bat gara, eta guztiok dugun ezaugarri komuna euskaraz jarduten dugula da. Nolakotasun hori  Interneten integratu behar dugu, modu horretan lortuko dira nahi diren helburuak. Xede nagusietako bat erabiltzaile gaztea euskarazko online komunitateetara erakartzea da, baina nola? Lehendabizi, gaztearen lekuan jartzea ezinbestekoa izango litzateke. Zer ikusi nahi du? Zer da gustatzen zaiona? Gazteei interes gune berriak sortu behar zaizkie eta funtzionatzen duenaz pentsatu: musika, lehiaketak… batez ere entretenimenduzko esparrukoak. Gazteek ez badute interesik erakusten, ez badira mugitzen guk eskaini nahi dieguna kontsumitzeko edota erabiltzeko, gu mugitu behar izango gara. Mahoma mendira ez badoa, mendia Mahomarengana joango da.

Mugitu behar izateko dirua beharrezkoa da. Nahiz eta euskarazko produktu berri bat sortzeko ideia eta asmoa izan, instituzioek diru-laguntzarik ez badute ematen ez daukate ezer egitekorik. Egoera hori ikusten ez badute ez dutelako nahi da. Hala ere, esperantza ez da galdu behar. Egin dezagun eta jarrai dezagun euskaraz.




jueves, 12 de enero de 2012

Hurrengorarte Graxiana!!

Lehenengo partea entzungai eduki ondoren, hona hemen Graxianaren istorioaren bukaera. Zuen iritzi eta aholkuei esker posible izan dugu istorio hau amaitzea. Eskerrik asko!





miércoles, 11 de enero de 2012

Erreportajea berraztertzeko gida

Antonio Lopezi Bilbo hiria marrazteko pautak ematea da gure helburua. Horretarako, honako teknika hau erabili dugu: Antonio Lopezentzat pintura zer den (“vuelco lo que siento y siento una gran necesidad de comunicarme, de compatir y de expresar algo. La pintura es mi forma de expresión y Bilbao mi inspiración”) definitzen duten bere aipuak aukeratu ditugu. Eta, bideoaren emaitza Bilbo bilduko duen margo bat osatzea denez, margotzen hasi baino lehen Bilbo zer den galdetzen du (“pero, ¿qué es Bilbao?”). Orduan, horri erantzuteko Bilbon aurkitu genuen jendea aukeratu dugu eta horiei beraientzat Bilbo zer den azaltzeko eskatu diegu, hitz bakar batekin. Hitz horiek hizpide harturik irudiak gehituz joan gatzaizkio bideoari. Gure ideiaren abiapuntua:    Antonio Lopez Bilbora datorrela hiriaz margo bat egiteko. Horri Bilbok urteen poderioz, jasandako itxura aldaketa eta Bilbo = aire libreko museo bihurtu denaren ideia gehitu behar zaizkio. Alegia, dagoeneko Bilbora turismoa egitera doan jendea, ez da Guggheim bezalako museotara sartu behar arte obrak ikusteko, museoa bera arte obra bat baita. Horren harira, gure erreportajeak turistei Bilbo zer den erakusteko ere balioko luke eta ondorioz, Bilbo.net edo turismo agentzietan ikusgai egon daitekeen bideoa izan daiteke gurea.

Erabilitako musika bi abestiz osatzen da. Bata, margolaria Bilbo hiria marraztera doanean, eta marrazten ari den bitartean entzungo da. Abesti horren erritmoa (Forest Gump-eko soinu-bandaren abestia) egokia iruditzen zaigu margolariak bere obra egiteko jarraitu beharreko pausoak islatzeko. Bestalde, Kepa Junkeraren “Hiria” abestia ere agertuko da gurean. Beti, irudiak agertzen diren bitartean. Azken finean, abeslari honen abesti konkretu hau Bilbori eskainia dago eta gainera, uste dugu honen erritmoa guztiz egokia dela gure erreportajearentzat.

Amaieran ere, esaldi bat gehitu diogu erreportajeari. Esaldi hau Antonio Lopezen aipu batean oinarritzen da: “la pintura es curiosidad y cultura, y eso no acaba nunca”. Honen bitartez, hiri bateko koadroa egitean, prozesua sekula amaituko ez dela adierazi nahi dugu. Izan ere, jende gehiagori Bilbo zer den galdetuko bagenio; are eta irudi gehiago gehitu beharko genioke erreportajeari. Horrez gain, Bilbo urtez urte itxuraldatuz eta hasiz doa. Beraz, hiri batek agertzen duen itxura, pintura bezain desegonkorra eta amaiezina dela adieraztea da gure helburua. 

Hartzailearen arreta lortzeko eta mantentzeko estrategiak erabili ditugu. Irudiarekin bat datorren musika erabiltzea. Komunikatu nahi duguna indartzeko eta jendeari jarraituko dugun bidea zein den markatzeko. Hau da, margolaria agertzean hausnarketa momentu batean gaude eta honekin bat datorren Forest Gump-eko abestia erabili dugu. Bestalde, irudiak agertzen diren bitartean, Kepa Junkeraren abestia jarri dugu, erritmo aldaketa azpimarratzen duena. Era berean, ulermena errazteko estrategiak ere erabili ditugu: esaldi laburrak, isiluneak … Testua eta irudia tartekatu ditugu: batak bestea dakarrelako. Adibidez, “Bilbao es deporte” esatean, kirola islatzen dituzten irudiak jarri ditugu: jendea hirian korrika egiten, bizikletan ibiltzen, patinatzen …

Arestian aipatutako testu guztiak gaztelaniaz jartzea izan da gure erabakia. Izan ere, uste dugu, hirugarren baten aipuak askoz ere indar gehiago daukatela jatorrizko hizkuntzan. Hala ere, gure helburua turismo webgune batean bideoa ikusgai jartzea denez, beste hizkuntza batzuetan ikusteko aukera zabalduko genuke azpitituluak erabiliz.